top of page

ARRIGORRIAGAKO KALE IZENDEGIRAKO PROPOSAMENA

Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluak, 2021eko urtarrilaren 21ean egindako ezohiko batzarrean, "Malmasingo Lagunak" elkarteari Memoria Historikoaren Legean xedatutakoa betetzen ez duten udalerriko kale, plaza edo kokalekuei buruzko informazioa  biltzeko laguntza teknikoari buruzko eskariari erantzunez, hona hemen gure Elkarteak egin dezakeen ekarpena:

 

Proposamenaren eremua:

Arrigorriagak izendatutako 55 kale eta bestelako eremu publiko ditu. Horietatik, gure Elkarteak 3 aldaketa proposatzen ditu. Hona hemen egungo kale-izendegia:

 

Abenduaren 22ko kalea

Aixarte etorbidea

Arandia kalea

Atxukarro auzoa

Aurrerapen kalea / Calle el Progreso

Barrena kalea

Barua parkea

Baruatorre kalea

Barzubia kalea

Barzubia parkea

Bidebera kalea

Concha Espina kalea

Dr.Ferrán kalea

Dr.Fleming kalea

Dr.Manuel Aralucea parkea

Hermenegildo Lekunberri kalea

Iparragirre kalea

Joseba Andoni Uriarte kalea

Jose Maria Makua kalea

Juan Garaigorta kalea

Joan XXIII.aren plaza

Kristo zeharkalea

Kubo auzoa

Kurtzeta kalea

Lamierreketa auzoa

Lamierreketa kalea

Landarraga kalea

Larrasko auzoa

Lehendakari Agirre parkea

Lepanto kalea

Lonbo kalea

Madalen Errota kalea

Martiartu auzoa

Mendiokosolobarrena eta Mintegia parkea

Miguel Unamuno kalea

Mikel Alonsotegi kalea

Odol Emaileen plaza

Olatxu kalea

Ollargan auzoa

Ollargan parkea

Padura kalea

Pedro Muro kalea

Ramón y Cajal kalea

Ricardo Ibarreche kalea

Salud e Higiene auzoa

San Andres kalea

San Antonio plaza

San Jose langilearen kalea 

San Juan kalea

Santa Isabel kalea

Severo Ochoa kalea

Udaletxe aurreko plaza

Ugertza parkea

Urgoiti pasealekua

Zubiondo auzoa

 

ALDEZ AURRETIKO KONTSIDERAZIOAK:

​

Ez da erreza Berdintasun Kontseiluaren eskakizunari erantzun zehatza ematea, 2007ko Memoria Historikoaren Legearen erredakzio anbiguoak arrazoia eman baitiezaioke leku publiko baten nomenklatura aldatzearen aldekoari zein kontrakoari. Azalduko dugu.

​

Lehenik eta behin, kale bati izena jartzea, kentzea edo aldatzea udal konpetentzia dela esan beharra dago. Praktika hau ohikoa da egunerokoan, kale-izenen bikoiztasun edo errepikapenagatik (herritarren nahasmena ekidin nahi izaten da kasu hauetan) edota kale bat etorbide bihurtu delako edota lehen ibilgailuentzako zena oinezkoentzako aldatu delako. Ohiko aldaketak ere izaten dira “justifikatutako ezohiko zirkunstantziak” deklaraziopean egiten direnak, hiri edo herri bateko pertsonaia edo instituzio garrantzitsuen izenak jartzeko legeak ahalbidetzen dituenak. Azkenik, gertaera aipagarriak ospatzeko izenak ere onartzen dira. 

Udaletxe bakoitzak bere araudia duela esan dezakegu. Hala ere, badira arautzen duten estatu mailako legeak, Memoria Historikoarena kasu, zeinak bere 15. Artikuluaren lehen puntuan honako hau esaten duen: “las Administraciones públicas, en el ejercicio de sus competencias, tomarán las medidas oportunas para la retirada de escudos, insignias, placas y otros objetos o menciones conmemorativas de exaltación, personal o colectiva, de la sublevación militar, de la Guerra Civil y de la represión de la Dictadura”. Neurrien artean subentzio eta laguntza publikoen kentzea aurreikusten da. Hala ere, artikulu berak bere bigarren puntuan tonua apaltzen du “lo previsto en el apartado anterior no será de aplicación cuando las menciones sean de estricto recuerdo privado, sin exaltación de los enfrentados, o cuando concurran razones artísticas, arquitectónicas o artístico-religiosas protegidas por la ley” esatean. Bigarren puntu hau administrazio askok baliatu izan dute aldaketa ekiditeko, baina batez ere babes juridikoa eman du altxamendua edo aberriko martiriak goratzen dituzten hainbat eliza eta monumentutan aldaketarik ez gauzatzeko, kultu edo kultur-ondare lekuak direlako aitzakiapean.

 

Hala eta guztiz ere, badira sententzia batzuk Memoria historikoaren 15. artikulua derrigor betetzekoa dela ebatsi dutenak, hala nola Gaztela-Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak 2014ko urtarrilaren 20ko ebazpena, Valladolideko Udaletxea zenbait izendapen publiko aldatzera behartu zuena, zeinak esaten duen legea betetzeko obligazioa «es connatural a un estado de derecho y si una norma con rango y forma de ley impone una determinada conducta, debe llevarse a cabo”. “Nadie está al margen o por encima de la ley y, desde luego, no le corresponde a la administración ponderar su cumplimiento, sino cumplirla, de tal manera que, si una norma impone retirar determinados símbolos, ha de llevarse a cabo tal mandato».

 

2021erako iragarrita dagoen nahiz eta oso atzeratuta dabilen Memoria Historikoaren lege berriak ez du puntu honen inguruan argitasunik ematen, beste zenbait aspektutan zentratzen delarik:

 

  • La declaración de los juicios franquistas “nulos de pleno derecho”.

  • Ilegalización de las asociaciones y fundaciones que hagan apología del franquismo.

  • Régimen sancionador con multas de entre 200 y 150.000 euros por el traslado de víctimas de la Guerra Civil y la dictadura sin autorización o la destrucción de fosas o lugares de memoria. 

  • Creación de un censo oficial de víctimas de la guerra y el franquismo, así como un banco de ADN nacional.

  • Puesta en marcha de un plan de exhumaciones sufragado con recursos públicos que reconocerá el derecho de las víctimas y sus familiares a investigar lo sucedido.

  • Inclusión de la norma en el currículum de la ESO y el Bachillerato, y la formación del profesorado bajo el paradigma del «nunca más».

 

Beraz, bikoiztasun juridikoan jarraituko dugu nahiz eta, esan dugun bezala, udaletxe batek eskumena du aldaketak burutzeko hala erabakiz gero.

 

Sarrera honekin amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi badirela lege autonomikoak izendegi publikoari mugak jartzen dizkiotenak. Adibidez, gure Autonomia Erkidegoan 2008tik badago indarrean Terrorismoaren Biktimei aitorpena eta erreparazioa egiteko legea, zeinak udaletxeei debekatzen dien ETArekin erlazionatutako izenak erabiltzea kaleak edo leku publikoak izendatzeko orduan. Kasu honetan legea zehatza da eta ez du anbiguotasunerako tarterik uzten.

 

Zehaztapen hauek eginda, azter dezagun Arrigorriagako kale-izendegia eta gure Elkarteak egiten duen hiru izenen aldaketarako proposamena Berdintasun Kontseiluaren aginduz.

 

 

1.- Lepanto KALEA:

​

KALEAREN AURREKO IZENA: Udal Artxiboen arabera, hasieran “Pankorborako errepidea” izena zeukan, 1770 eta 1775 urteen artean eraikitako Bilbo eta Pankorbo lotzen zuen Erret bidea izendatzeko, zeinak Arrigorriaga zeharkatzen zuen eta oso hurbil, Basauriko San Migelen hain zuzen, oraindik azken legoa-harria ikus daitekeela.

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

 

 

 

 

Gerora, betiere artxiboen arabera, “Lanbarketa 17-19” izena hartu zuen. Zonalde horretako adineko baten arabera, bide horretan baserri solteren bat baino ez zegoen garaian, herritarrek “San Migelerako bidea” deitzen zioten.

​

“LEPANTO” IZENAREN OINARRI HISTORIKOAK: Lepantoko gudua itsas gudua izan zen, 1571ko urriaren 7an gertatu zena Lepantoko golkoan, Greziako Naupakto hiriaren parean (modu erratuan Lepanto deitua). Turkiar otomandarrek kristau koalizio baten aurka borrokatu zuten, Liga Santua deitua, Espainiako Erresumak, Veneziako Errepublikak, Genovako Errepublikak, Maltako Ordenak, Savoiako Dukerriak eta Aita Santuen Lurraldeak osatutakoa. Kristauak garaile irten ziren Juan de Austriaren gidaritzapean eta turkiarren espantsionismoa geldiarazi zen Mediterraneo itsasoan zehar.

 

“LEPANTO” IZENAREN ERLAZIOA ARRIGORRIAGAREKIN: Bat ere ez.

 

“LEPANTO” IZENAREN ERLAZIOA DIKTADURA FRANKISTAREKIN: 1971n, guda hartatik laugarren mendeko urteurrenean, diktadura frankistak inposatu zuen kale bat izen horrekin izendatzea. Errejimen frankistarako, Lepanto garaipen eta nagusitasun moralaren ikurra zen. Hori dela eta, “Lepanto” Irun eta Portugalete bezalako euskal hirietan agertzen zaigu. Bilbon ere, baina kasu honetan “Lepantoko gudua” izenarekin.

1973ko otsailaren 7an Arrigorriagako Udal Batzorde Iraunkorrak (Egungo Gobernu Batzordea izango zena)  kale-izenaren aldaketa onartu zuen “Lepanto kalea” jarriz, Arrigorriagako Udalbatza frankistaren alkate Pascual Uriarte Urruticoechea zelarik.

 

“LEPANTO” IZENAREN ALDAKETA KALE-IZENDEGIETAN: Aldaketa bakarra aurkitu dugu estatu mailan. 2016ko martxoaren 31an Alacanteko Benitatxell herriko udalbatzak Lepanto izena kendu eta “Carrer de les Capelletes”, jatorrizko izendapena jarri zuen Kulturako Aholku Udal Batzordeak hala gomendatuta. Batzorde honen txostenak honela zioen: “En Lepanto, también late el espíritu belicoso del franquismo. Ahora, el Consell Municipal de Cultura considera que Benitatxell no debe mantener calles que exalten la guerra.”  Era berean, herriko umeei eskaintzeko ondarerik onena kaleetatik gerra aipamenak kendu eta tradizioari eta bakeari loturiko izenak jartzea dela aipatzen zuen.

https://www.elpoblenoudebenitatxell.com/es/noticia/24-el-poble-nou-de-benitatxell-adapta-su-callejero-a-la-ley-de-memoria-historica-y-eliminara-las-calles-con-connotaciones-franquistas

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

 

 

 

 

 

 

 

 

Bigarren kasu bat ere bada, Arabako Bilar-El Villar herrian, non 2020ko udalbatzan onartu zuten udal bulego teknikoari txostena agintzea herrikide batek egindako eskariaren zuzentasuna argitzeko. Herritarrak “Lepanto kalea” izena kendu eta jatorrizko “Argumento kalea” izendatzea eskatzen zuen, 1877ko udal artxiboan horrela agertzen zela argudiatuta. Oharra: ez daukagu erreferentziarik gaur egun izena aldatu duten baieztatzeko.

https://www.noticiasdealava.eus/araba/2014/10/23/municipio-elvillar-recupera-calle-argumento/260070.html

 

GURE ELKARTEAREN IRITZIA: “Lepanto kalea” izendapenak ez dauka Arrigorriagarekiko inongo erlaziorik. Gainera, gure kale-izendegian guda bat goratzen duen kale-izen bakarra da. Honi gehitu behar zaio frankismoaren aginduz ezarri zela. Beraz, gure kale-izendegitik kentzea proposatzen dugu.

 

2.- Concha Espina KALEA:

 

KALEAREN AURREKO IZENA: Kalerik ez zen. Sortu berria. Izendapen hori 1965eko urriaren 29ko udalbatza-erabakiaz onartu zen Arrigorriagako Udalbatza frankistaren alkate Pascual Uriarte Urruticoechea zelarik.

 

IZENAREN OINARRI HISTORIKOAK: Concha Espina Santanderren jaio zen 1869ko apirilaren 15ean. Idazle, poeta eta artikulugile, 1927an literatur sari nazionala jaso zuen eta hirutan Literatur Nobel sarian finalista, ez zuen Real Academia Española de la Lengua-n sartzerik izan emakume izateagatik.

 

“CONCHA ESPINA” IZENAREN ERLAZIOA ARRIGORRIAGAREKIN: Bat ere ez.

 

IZENAREN ERLAZIOA DIKTADURA FRANKISTAREKIN:  1936an Falangeko Emakumeen Sekzioan afiliatu zen (Victor, bere semeetako bat, “camisa vieja” izan zen). Gerra garaian matxinatutako ejerzituaren eta Falangearen aldeko gorazarre sutsuak idatzi zituen, tartean “José Antonio de España” liburuxka argitaratu zuelarik. Bere aldekoek, aldiz, gaztaroan Errepublikazalea zela aipatzen dute, Riotintoko meategian izandako greba kontatzen duen "El metal de los muertos" (1920) liburua adibidetzat jarriz, Gerra Zibilean tropa frankisten alde idatzitako "Retaguardia" (1937) eta "Las alas invencibles" (1938) bezalakoak aipatu barik.

 

GENERO IKUSPEGIA: Emakume independentea izan arren eta II Errepublikan bere senarrarengandik banatu bazen ere, bere idazkietan emakumeen senarrarekiko  menpekotasuna eta bakarrik etxeko lanetan jardutea aldarrikatu zituen. "No traiciones tu magnífico destino de mujer entregándote a funciones varoniles" idatzi zuen 1937ko urtarrilaren 17an El pueblo gallego-n argitaratutako gidan. Hala ere, bere aldekoek lehenengo feministetakotzat hartzen dute bere bizimodu independenteagatik eta dibortzioagatik. "Princesas del martirio" (1941) bere liburuan ikus daiteke hori ez dela horrela, emakume pertsonaiak honela erretratatzean "vírgenes, mujeres de Santa Fe, beatitud indecible, en sus facciones el privilegio angelical, halo de santidad en la noble expresión".        

 

BITXIKERIAK: Manuela Carmena Madrilgo alkate ohiak kale-izendegitik izen frankistak kentzeko saiakeran Universidad Complutense delakoari proposamen dokumentatu bat eskatu zion. Komunikabide kontserbadoreek filtratu zuten ustezko zerrenda bat non Santiago Bernabeu eta Concha Espina bezalako izenak agertzen ziren. Gerora jakin zen zerrenda hori ez zela unibertsitatekoa, aholkua eskatu zioten historialari baten blog batetik ateratakoa baizik, baina Unibertsitateak uko egin zion lanarekin jarraitzeari eta alkateak izen horiek aldatzeko intentziorik ez zuela adierazi zuen. Anekdota hau kontatzen dugu zeren Concha Espinaren izenak polemika handia sorrarazten baitu obra egilearen gainetik dagoela eta kontrakoa defendatzen dutenen artean. Egia dena da Concha Espina izenarekin egindako kale izendapenak frankismoaren garaian eginak izan direla, pribilegio hori eduki zuten emakume bakarrak santuak, birjinak edo martiriak ziren garaian.

 

GURE ELKARTEAREN IRITZIA: “Concha Espina” kalearen izendapena aldatu beharko litzateke, izenaren frankismoarekiko lotura frogatuta dagoelako eta genero ikuspegitik menpeko emakumearen figura aldarrikatu zuelako. Bere literatur balioak ez du, gure ustez, gure herriko kale baten izendapena merezi.

    

3.- PEDRO MURO KALEA:

 

KALEAREN AURREKO IZENA: Kalerik ez zen. Sortu berria. Izendapen hori 1966ko urtarrilaren 29an udalbatza-erabakiaz onartu zen Arrigorriagako Udalbatza frankistaren alkate José María Garay Abasolo zelarik.

 

IZENAREN OINARRI HISTORIKOAK: Pedro Muro Sagarminaga Arrigorriagako zinegotzia izan zen XX. mendeko hasieran Alfontso XIII. erregetza garaian. 1923ko irailaren 13an Miguel Primo de Rivera jeneralak errege, eleiza, armada eta patronalaren oniritziarekin estatu-kolpea eman zuen, 1930era arte iraun zuena eta hauteskunde guztiak debekatu zituena. Bizkaiko Gobernadoreak Pedro Muro Sagarminaga alkate izendatzea inposatu zuen eta 1923ko urriaren 2an bere kargua hartu zuen “bajo la presidencia del comandante de la guardia civil” aktan jasota agertzen denez. Bere alkatetzak diktadurak iraun zuena iraun zuen, 1930eko otsailaren 26ra arte (Primo de Riverak urtarrilaren 28an dimititu zuen).

1937an, faxistak Arrigorriaga hartzean, Errepublika garaian ardura izan zuten edo soilik militante edo aldeko zirenak atxilotzen hasi ziren eta ardura-postuetan errejimen berriaren aldekoak jarri zituzten. Horrela, Pedro Muro Sagarminaga Udal Epaile jarri zuten 1937ko uztailaren hasieran. Uztailaren 9an Errotatxun (Zaratamo) bizi zen Lorenzo Palacios militante komunistaren heriotza-akta sinatu zuen. Lorenzo Palacios aintzinako hiltegian kokatutako udal-kalabozoetan zegoen atxilo eta egunero bere emazteak bazkaria eramaten zion, baina egun hartan esan zioten bere senarra hila zela. Pedro Muro Sagarminagak Udal Epaile lez sinatutako aktan heriotzaren arrazoia “asfixia” zela jarri zuen. Herrian urkatua edo are-sakuak ahoan sartuta ito zutela uste zen. Lorenzo Palaciosek 42 urte zituen eta emaztea eta bi seme utzi zituen, Lorenzo eta Juan. 

​

​

​

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

“PEDRO MURO” IZENAREN ERLAZIOA ARRIGORRIAGAREKIN: Arrigorriagako auzokidea zen eta zinegotzi, alkate eta Udal Epaile izan zen.

 

IZENAREN ERLAZIOA DIKTADURA FRANKISTAREKIN: Esandakoak, Udal Epaile izan zen errejimenaren aldekoekin aginte karguak betetzeko politika barruan.

 

GURE ELKARTEAREN IRITZIA: Egungo “Pedro Muro kalea” izendapena aldatzearen aldekoak gara.

 

AIPATUTAKO KALE-IZENETARAKO PROPOSAMEN BERRIAK:

 

1.- Lepanto kalea aldez aurretik nomenklatura duen bakarra da. Aurreko hiru izendapenak ondo leudeke:

-“Pankorborako bidea”

-“Lanbarketa 17-19” edo “Laminerreketa 17-19”. Agian izen honek nahasmenak sortuko zituen zeren izen bera erabiltzen da etxebizitzak dauden kalea eta San Migelerako errepidea izendatzeko. Saturazio-efektu bat eman zitekeen bi zatitan moztutako kale luzea gehi errepidea gehi auzoa bera izen berarekin izendatzean.

-“San Migelerako bidea”. Ez dago aipamen historikorik izendapen honekin, herri ohitura izan ezik, baina horrek ere ez dio baliorik kentzen proposamenari.

 

2.- “Concha Espina kalea”-k ez dauka nomenklatura aurrekaririk. Gure Elkarteak “Bizenta Mogel” izendapena proposatzen du. Bizenta Mogel (Azkoitia 1782 – Abando 1854), euskaraz argitaratu zuen lehen emakumea izan zen (Ipui onac), itzultzaile eta emakumeek hezkuntzarako zuten eskubidearen aldekoa izateaz gain. Bizenta Mogelek Arrigorriagarekin nolabaiteko harremana izan zuen, beheko  dokumentuak azaltzen duen eran. 1821eko alokatze-hitzarmena da, Bizenta Mogelek sinatua, non gure ustez Eleuterio Basozabal bere senarrarena zen Lonboko etxea aipatzen den.

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

 

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

​

3.- “Pedro Muro kalea”-k ez dauka nomenklatura aurrekaririk.

 

Memoria Historikoa jorratzen duen gure Elkartetik ondo ikusiko geneko 3 kale hauen izendapen berriak emakume edo emakume-arloarekin zerikusia duten izenekin, zenbait argudio tarteko:

 

1.- Gure herriko 55 kaleetatik 5 bakarrik, %9, feminitatearekin dute zerikusia:  Santa Isabel, Madalen Errota, Laminerreketa kalea, Laminerreketa auzoa eta Concha Espina. Emakumeak munduko %51,1 izanik, argi dago ez daudela gure izendegian behar bezala ordezkaturik.

 

2.- Bilbo bezalako hiri inportanteak kale, plaza edo leku publiko berrietan emakume-izenak lehenestea onartu berri dute (2020ko iraileko udalbatza). Izan ere, 2016tik hona Bilbon 9 izendapenetatik 8 emakume-izenak izan dira, nolabait emakumearen presentzia izendegian %3,11 baino ez dutela konpondu nahian.

​

Gure kale-izendegirako emakume-izenak aukeratze garaian, “Arrigorriagako emakumeen ekarpen historikoa” argitalpena erabil daiteke, baina egokiak dira ere emakumeen inguruko data esanguratsuak “Martxoak 8” (Portugaletek plaza bati “martxoaren 8a” jarri dio) edota izen generikoak “Plazandrea” (emakumeek bizitza publikoan parte hartzea aldarrikatzen duena).

 

Arrigorriaga, 2021eko martxoa

Malmasingo Lagunak Elkartea

San Migeleko leguarioa.jpg
benitatxell.jpg
Lorenzo Palacios akta.jpg
Bizenta Mogel agiria.jpg

Memoria historikoa

Malmasingo Lagunak Elkarteak bere egiten ditu aurreko Ahaztuak Elkarteak egindako lanak. Horien artean aipatzekoa da 2007an argitaratutako "Arrigorriaga. Errepublika. Gerra Zibila. 1931-1939" liburua". Egun liburua agortuta dago (euskarazko ale batzuk baino ez dira gelditzen). Hori dela eta, on-line deskargatzeko aukera opatzen dugu, pdf formatuan. Sakatu liburu-azalaren gainean eta deskarga aukeratu. Honekin batera, gerran parte hartu edo bizi izandako arrigorriagar zenbaiten lekukotasuna jaso zuen bideoa ere ikusgai duzue (Gerra Zibila Arrigorriagan 1937-1939). Amaitzeko, Luis Mari Ormazabal, Muskizen jaio baina Arrigorriagan bizi izandako militante komunistari egindako bere bizitzari buruzkoa ere ikusgai. 

PACO ETXEBARRIA, Aranzadiko Lehendakari eta mediku-forenseak Arrigorriagan 2007-10-02an "EXHUMANDO FOSAS, RECUPERANDO DIGNIDADES" hitzaldiaren audioa.

Unknown Track - Unknown Artist
00:00 / 00:00
bottom of page